Ficha coleccion eu

colecciones museo ciencias

Bildumak

Bilduma botanikoak VIT Herbarioan biltzen dira: benetako bitxi bat Atlantikotik Mediterraneorako trantsizioa ezagutzeko. Bertako osagai fanerogamikoak seigarren lekua du herbario iberikoen artean, plegu kopuruari begiratuz gero, eta, hirugarrena, urteroko gehikuntzei erreparatuz gero. Osagai kriptogamikoan Estatuko bigarren herbarioa da, plegu kopuruari begiratuta. 2019eko abenduan VIT herbarioak 219.712 plegu zituen, eta 15.283 taxon ordezkatuta.

Lurraren zientzien esparruan, nabarmentzekoak dira Paleontologia eta Mineralogia Bildumak; hurrenez hurren 15.945 eta 21.123 erregistro dituzte, hau da, ordezkaritza maila oso handia. Euskal Kantauri Arroko paleontologia aberastasunak, orokorrean, eta Arabako probintziarenak, bereziki, ohikoa ez den tipo eta figuratu kopurua ekarri du azken hamarkadan, berezitasun handiko paleontologia aztarnategietatik ekarriak. Hainbat indusketa eta bilketatatik ekarritako sortekin, erregistro kopurua 200.000tik gorakoa da. Horregatik, tipo eta figuratuen hazkunde esponentziala aurreikusten da hurrengo urteetarako.

 

 

ANZMaren Mineralogia Bildumak hamar aldiz biderkatu dira museoa ireki zenetik hona, eta gaur egun ere horiek dira gehien hazten ari direnak. Mineralen % 90etik gora Iberiar Penintsulakoak dira; beraz, esan liteke bilduma tematikoa dela. Eta horretantxe dago bere berezitasuna. Egia da ugariak direla horien artean XX. mendearen hasieran ateratako pieza klasikoak, baina bere ordezkaritza maila gorena mendearen bigarren erdikoa da. Funtsean dauden 21.123 aleen artean 2.000 mineral espezie baino gehiago daude, hau da, planetan deskribatu direnen erdia.



Zoologia Bildumak dira museoko ugarienak. Ornodunei dagozkienetan 3.205 erregistro daude 486 taxonetarako; ornogabeetan, 500.000 erregistro, dagoeneko 10.000 taxonetik gora zehaztu direlarik.